jueves, 8 de mayo de 2014

ASPALDIKOAZ


Gure alde zahar laztanaren iragana eta oraina elkarren ondoan, hau da, antzinako artesauen alde zaharraren hondarra omen zen Mariano Santa Cruz oskigilearen boteria, botak eta beste hainbat larruki lan egiten zuena eta dagoeneko itxi berria edo (Gasteizko alde zaharreko aspaldiko eta egiazko artesauetariko azkena, gaur egun oso bestelako artesau modernoagoak daudelako, batez ere Correria kalean eta abar, jantziak, harribitxiak edota mota askotako bitxikeriak eskuz edo egiten dituztenak euren denda txikietan etxeko zein kanpokoari saltze aldera) eta gaur egun nonnahi bezala eta hirian zehar mordoka sakabanaturik dauden Döner Kebabetariko bat, oraintsu Mutriku taberna zegoen tokian hain zuzen, gure gaztetako kobazulo kuttunenetariko bat, bertan ordu luzeak ematen baikenituen potrojorran. Bertan, esate baterako, egundoko mozkorra harrapatu egin nuen nire koadrilakoak ez ziren institutoko bi adiskideekin garizko zerbetza dastatu genuen aurrenekoan. Bai, gauza bitxia bezain txoroa edo txotxoloa, hainbat Franziskaner eskatu eta lehenengo zurrutekin banengoen hegan, auskalo zeren txute bat sartu balitzait bezala, gauza xelebrea hainbesterako ez baitzen; horren gazteak ginen eta zerbezekin batera hainbeste txerrikeria erre ohi genuen... Gogoratu ere gogoratzen dut Mutriku taberna gobernatzen zuen bikote jatorra, biak txit atseginak, beraiekin ere hitz aspertu luze bezain zozoak egin ohi genituen, harik eta taberna traspasatu eta honezkero eskurik esku oraingo jabeenetara heldu arte. Behin iraganera begira ere orduko bi adiskideok akordura ekarri ditut, gaur egun mutikoa Lautadako herri potolo bateko alkatea da, hau da, filosofia ikasi zuen politikaria baina Zabaleta Heidegger baino gogoko zuena; neskatoa, aldiz, iaz ikusi nuen orain kontura ez datorren egoera nahiko aldrebes batean, bihotza erdibitu zitzaidan penaz, zulo bakar eta petral batera daraman gainbeherari atxikita hainbat hauts zuriz estalitako errepidean zehar. Tira ba, ez gara hain zaharrak, baina nork bere norabidea hartu du, gutakoren bat inora ez baldin badaroa ere.

No hay comentarios:

Publicar un comentario