martes, 30 de diciembre de 2014

HIRIAZ



Nire emaztea eta bi semeak ikusteko irrikaz nago, noski baietz. Bada astebete ta piku haurrak ikusi ez ditudala eta faltan ikaragarri sumatzen ditut. Izan ere, iristear daude, bada garaia, bai, nire gurasonena irri karkailez zein haur zaratotsez, hots, bizipozaz betetzeko, bai horixe! Bien bitartean goizean goiz Gasteiza bajatu naiz hainbat mandatu egitera. Maite dut nire hiria, gero eta atseginago egiten zait haren kaleetan zehar lasai moduan eta ia nora ezean ibiltzea gainera: Alde batetik edozein txoko edo zirrikitutatik ustekabean sortzen zaizkizun mota guztietako oroitzapenak; bestalde, oinez edonora joateko ezin aproposagoa diren hiri erdialdea eta ingurumariak. Izan ere, tamaina erdiko hiriak atsegin ditut, bertan bizi nintzeneko Dublin bezalakoak, ezaguturiko Praga, Oporto, Toulouse, Bordele, Florentzia, Edinburgo, Bilbo bera. Hiri handiak ordea bisitatzeko baino ez ditut gogoko, oro har hiri handiak bakarra ez baitira, anitzak baino, ez dago modurik bertan bizi izanda hiri osoa eskura izateko, dagozkizun auzoak eta inguruak baino. Areago, ez dakit zer gertatu zaidan baina uda honetan jabetu nintzen bizi ere izan naizen Madril hiria agoantatzen ez dudala, bertan izanda berehalaxe aspertzen/nekatzen naizela, lehen hainbeste maite nituen txokoak orain ikusiegiak eta agian apurtxo bat ziztrinak ere begitantzen zaizkidala; egia esan, bertatik lehenbailehen ospa egiteko desiratzen nenbilen (baina baliteke ere astebete luze eta batez ere gogor baten osteko nekearen errua izatea). Edonola ere, gustatuko litzaidake, bai, Gasteiz puskat potolotxoagoa izatea, biztanle gehiago izatea, oraindio ere zabalagoa izatea. Edo bestela esanda, gorago aipaturiko hirien antzera ez hain txikia kalean zehar zoazela lagun edo ezagunekin etengabean topo egiteko, ez eta hain handia ere kaleotan inorekin ez topatzeko modukoa. Hala ere, zure hiria ez da bakarrik esparru fisiko zehatz bat, hiria beti zerbaitxo gehiago izaten da, bada, Pessoak berak zioenez, mundua ikusteko ikuspuntu bat, munduan egoteko jokabide bat. Izan liteke jokaera zabal, mehar edo dena-delakoa, baina bada ere, eta hau ozen-ozen diot bi aldeak ezagun ditudalako, herrietakoena baino ikusmira zabalagoa berez, printzipioz. Badakit ere hainbat jendek herri txikien ikusbidea aldarrikatzen duela, noski baietz, nik errespetatzen dut zeharo, baina hiria grekoen polisa da edonondik begitatuta, bere onura eta akats guztiekin, zeren baldin badago polisa nolabait definitzen duena hori aniztasuna baita, handiagoa edo txikiagoa baina betiere herrietako berezko, balizko edo ustezko uniformetasunaren aldean; hirietan ez dugu gainerakoekin kosta ahala kosta parekatzeko obsesioa, hau da, gainontzekoengandik oharkabean edo nahita bereizteko beldurra badaezpada... (badiot berriro ondo asko dakidala zertaz ari naizen) guztiz kontrakoa baizik, hau da, hirietan gainontzekoez paso egiteko aukera ezin hobea izaten dugu, hiriko jendetzaren erdian bakarrik edo adiskide zein ezagun bakan batzuekin baino ez gure burua lagunduta/asebeteta sentitzeko; hori da, hain zuzen, eta nere uste apalean behintzat, norbanakoen egiazko libertadea, zuk zeuk zure bizi-ingurua zure gogara antolatzeko aukera.

No hay comentarios:

Publicar un comentario