martes, 20 de febrero de 2018

HOLAKOXEA DA BIZITZA



Bart gaueko topaketa goxoa txikitako ikaskide batekin, zineman jardun eta Goya bat eta guzti ere irabazi zuenarekin. Zerbitzari dago gainbeheran doan Judimendi aldeko bodegoi famatu batean, afaltzeko gero eta eskasagorik, kaxkarragorik eta batez ere garestiagorik ematen duena, alajaina.

Barra ondoko hitz aspertuak, elkarri buruzko gaurkotzea, esamesak edo kontu zahar zein berriak gure txikitako lagunen kontura, nolabait oso umetatik koxkortutakoekin, hainbat padadizo benetan xelebre, baita batere atseginik ez den berriren bat ere.

Ezin sinesturik, zinez txunditurik, orduko ikaskide baten heriotzaren berriarekin, kartzelan hilda pistolapeko lapurreta bategatik eta Hiesak jota. Ezta, ez, ezer apartekorik gure belaunaldikoen artean, droga eta ETArekikoak pil-pilean baitzeuden. Bai ordea hildakoaren izena, inondik inora espero ezin nuena, orduko ikasgelako beste batzuena bai, dudarik gabe, baina hildakoarenak ahoa bete hortz utzi ninduen bart, tipo benetan zintzoa, sekula eta inola, ezertan, problema edo kalapitarik sortu ez zuena gainerakoen aldean.

Horrelakoa da bizitza, bai, badakit. Ni aspaldian aldendu nintzen orduko eskolakoengandik, bai horixe. Esan dezagun beste alde eta jende batzuetara aldatu nintzela. Halere, bitxia da beti zurekin koxkortutako hainbat eta hainbat lagunen geroko nondik norakoen berri izatea, ezer idatzirik ez dagoela konturatzen zara eta.

No hay comentarios:

Publicar un comentario