viernes, 25 de mayo de 2018

ERREALISMO ETA SERIOTASUNAREN KONTRA


Bart Judith Segarra lagunak galdetzen zidan ea nire liburu argitaratueratiko zein gomendatuko nioken. Bat ere ez etorri zitzaidan gogora atoan. Badakit, ez da inolako uste edo susmorik, are gutxiago apaltasun faltsurik ere, gehienak zabor hutsa direla, erdipurdikoak, oso goiz, arin eta batez ere kaxkar argitaratuak izan baitziren. Horrez gain ez dira ezer apartekoak, idazlegai gazte baten handiustekeri petralaren lagin, adibide, baizik. Bai, edozein sasi-idazle gazte harro eta inozok bezala gauza serioak, gai zinez mamitsuak, garrantzitsuak, jorratu nahi nituen, nire garaiko eskribaua izan nahi nuen, nire txokoko Faulkner, Bernhard, Celine, Tolstoy, Lobo Altunes eta abar eta abar, garaian garaiko obesioaren arabera, noski. Laburbilduz, edo bestela esanda, hitz gordinetan esanda, ez nuen ezer berririk idatzi, demaseko txorakeriak baizik, eta gainera gaizki egin nuen idazkera eta batez ere akatsak batere zuzentzen baino emendatzen zituzten hainbat editoreren arduragabekeriaren laguntzaz/erruz. Hain tematua nengoen salduko zen zerbait idazteagatik ezen bi nobela beltz lotsagarri ere idatzi egin nituen; aurrenekoa horratik gehien saldu dudana izan da.

Orain badakit idazle bezala hutsaren hurrengoa naizela, apala bezain kaxkarra, ez dudala ezer irauliko, ez dudala aparteko lorratzik utziko, ez eta izenik ere, edozein idazle harroputzen helburua azken buruan. Hortaz, zer dela eta tematu, egoskortu, inora ez naraman eginkizun batean. Auskalo, alde batetik idatzin dudan gehiena argitaratzeke dagoelako, gainerakoen aldean hoberena delakoan nagoelako, batez ere azkenekoa den oro, ustez gainera zentzunezkoa denez; baina, batez ere, edo ezer baino lehen, idazten dibertitzen naizelako. Horrexegatik, atzera begiratuta, bizpahiru liburu baino ez nituzke salbatuko balizko sute batetik, idazten gehien dibertitu naizen liburuak bazter utziko nituzke, esaterako Azoka delako hau, istorioak errealitateari muzin egiten diolako etengabe, burlaizea edo izorratzeko gogoa nagusi delako, protagonistak berak auskako zerekin pozoitua edo mozkortua egon banintz bezala idatzi nuelako, liburua txorakeria hutsa delako, astakeria iraingarri galanta, eldarnio peto-petoa. Hain zuzen ere benetan idaztea atsegin zaidana, hain zuzen ere gaur gero, hainbeste handikeria sortzen saiatutakoan, idatziko dudana ezinbestez, idazteak nola edo hala gozatzeko baino merezi ez du eta. Nik oraingoan Jorge Ibargüengoitia mexikarra izan nahi nuke... Eta berriro laburbilduz, edozein taxuzko kritikarik edo literatura irakasle edo irakasleondok errotik gorrotatzen duena; adar joka gozatzeko liburu bat edo. Ez da serioa, eta badakigu literatura oso gauza serioa dela ezinbestez... Eta hau guztiau gutxi ez baliz bezala, oso euskara eskasez eta akatsez parrastaka idatzita dago, hau da, pekatu larria euskarazko liburuak, denok ondotxo dakigunez, ez dira idazten istorioak eta kontatzeko, are gutxiago inor dibertitzeko edo, baizik eta euskara onean, jasoan, bikainean, idatziak izateko eta kitto; total, zenbait kritikarik edo euskaltzainek kenduta, inork ez ditu...

No hay comentarios:

Publicar un comentario